Ibai Imaz
by Ibai Imaz
2 min irakurketa

Kategoriak

Etiketak

Edukia

  1. SOFTWARE GARAPENAREN HIZTEGI TEKNIKOA
    1. JATORRIA EDO ZERGATIA
    2. HELBURUA
    3. AZALPENAK

SOFTWARE GARAPENAREN HIZTEGI TEKNIKOA

Sortu dudan hiztegi tekniko txiki eta xume bat aurkeztu nahiko nizueke. Bertan, Software Garapenarekin erlazioanaturik dauden hitz teknikoak azaltzen dira.

Proiektua Github eta Gitlab zerbitzuetan aurkitu dezakezue, eta bertan nola erabili azaltzen da modu zabalagoan. Bi zerbitzuetan partekatzea erabaki nuen bai bata eta bai bestea erabiltzen duten erabiltzaileak ezagutzen ditudalako, eta kontsultatzeko orduan arazorik ez dagoen arren, baten batek aportazioren bat egin nahi izatekotan garrantzitsua baita.

JATORRIA EDO ZERGATIA

Liburu bat euskeratzen ari naiz, liburu tekniko bat. Software garapenaren inguruko liburu bat. Eta prozesu horretan, laguntza moduan sortu zen hiztegia osatzeko beharra. Bide batez, esan jatorrizko liburua gazteleraz dagoela idatzia.

Nere Goi Mailako zikloko ikasketak gazteleraz burutu nituen, harira ez datozen arrazoiengaitik, eta nire ibilbide profesionalean ere, elkarrizketa tekniko gehienak gazteleraz izan ohi dira. Liburu teknikoak ere, gazteleraz, eta batez ere, ingelesez irakurri izan ditut, beraz, nere hitz teknikoen euskarazko ezagutza oso murritza zen liburua itzultzen hasi aurretik.

Liburua itzultzeko, Elhuyar hiztegia, Labayru hiztegia eta Elhuyar itzultzailea erabili ditut nagusiki. Euskal Wikipedia ere erabili dut, baita Elhuyarren ZTH zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa ere. Azkenik, interneten aurkitutako eta Jose Ramon Zubizarreta Aizpuruk idatzitako UEUko SOFTWAREAREN INGENIARITZA [I. ATALA: Softwarearen garapenaren zenbait arlo] liburuan ere oinarritu naiz.

Zenbait hitz aurkitzen zail egin zait ordea, edo ez dut behar besteko adostasuna aurkitu. Hori dela eta, nik erabaki behar izan dut zein aukerarekin gelditu, liburuan zehar uniformetasun bat mantentze aldera. Beste kasu batzuetan, ez ziren hitz soilak itzuli beharrekoak, hitz multzoak baizik, eta hauek aurkitzen zailagoak dira oraindik.

HELBURUA

Egia esan honek ez du helburu jakin bat jarraitzen. Esan bezala itzulketa prozesurako tresna gisa sortu zen hau guztia eta hasiera batean nire itzulpeneko proiektuaren parte zena, proiektu propio batean bilakatu eta sarera igotzea erabaki nuen.

Beraz, helbururen bat jarraitzekotan, liburuaren itzulpenerako erabilitako hitzak komunitatearekin elkarbanatzea eta bide batez kontrastatzea izango litzateke, horretarako beharrezkoak diren eztabaidak sortuz.

Bestalde, bide batez, gustatuko litzaidake, liburuan erabiltzen diren hitzetatik haratago, Software Garapenean erabiltzen den edozein hitz bertan aurkitu ahal izatea, horretarako, nahi duen edonor aportazioak egitera animatuz. Egun, blogak, twitch edo youtubeko kanalak, etab… aurkitu ditzakegu euskaraz, eta horrelako kontsulta gune bat edukitzea oso aberasgarria izan daitekeela uste dut, euskarazko software garapenaren komunitatean jargoi tekniko komun bat erabiltzera lagunduz. Blog honetarako ere lagungarria izango zaidalakoan nago.

AZALPENAK

Baten batek iradoki dit Gaztelera - Euskara ordez, hobe litzatekeela Ingelesa - Euskara izatea, ingelesa bait da Software munduko hizkuntza ofiziala, eta ez zaio arrazoirik falta, baina esan bezela, hiztegi honen motibazioa liburuaren itzulpenean lagunduko didan tresna bat sortzea izanik, gaur egun ez luke neretzako zentzurik izango ingelesean oinarrituko banintz. Etorkizun batean zentzu guztia izan lezake Gaztelera Ingelesagatik ordezkatzea, eta beharbada egingo dut.